Hegaztien euskarazko izenak

Euskal Batzorde Ornitologiko honen lan nagusietako bat da EAEko hegaztien zerrenda ofiziala osatzea, lurralde honetan inoiz ikusi diren hegazti guztien zerrenda argitaratuz, taxonomia eguneratuarekin eta euskarazko zein gaztelaniazko izendegiekin.

Oinarri-oinarrizko lan horretatik abiatuta, azken urteotan lantalde espezifiko bat ere osatu dugu Batzorde honen baitan, ‘Txori-izenen lantaldea‘, esperientzia zabaleko 10 txorizalez osatua, esparru, lurralde eta erakunde/elkarte desberdinetakoak, ondorengo helburuarekin: hegaztien euskarazko izenen egoera aztertzea, euskarazko izenen zerrenda eguneratuta mantentzea eta, euskarazko izen arrunta falta zaien hegaztien kasuan, euskarazko izen arrunt estandarizatua proposatzea.

Hamarkadetako lana

Aspaldikoa da hegaztien euskarazko izen arruntak finkatzeko ahalegina eta bidearen zatirik handiena artez egin dute hainbatek gure aurretik. Aranzadik hasi zuen bidea 60. hamarkadan, UZEIk jarraitu 80. hamarkadan eta, urteetako lan hori, besteak beste, Euskalterm datu-base terminologikoan batu da XXI. mende honetan.

Bidearen zati handiena eginda egon arren, munduan dauden 11.500 txori espezieen artean asko eta asko dira oraindik euskarazko izenik ez dutenak, baita Euskal Herrian inoiz ikusi diren batzuk ere. Gainera, txorizaleak ugaritu ahala eta gure ezagutza handitu ahala, lurralde bateko hegaztien zerrenda egokitu beharra dago urtero-urtero, espezie berriak agertzen direlako, lurralde berrietara zabaltzen direlako, edo aldaketa taxonomikoek ere izendegian eragin dezaketelako.

Txori-izenen lantaldearen jarduna

Euskal Batzorde Ornitologikoak, beraz, hegaztien euskarazko izendegia eguneratuta mantentzeko erronka hartu du bere gain eta beharleku horretan dihardu 2019. urteaz geroztik. Euskal Herriko hegaztien izendegia osatu zuen lehenengo (baziren euskarazko izen arrunt arauturik ez zuten espezie batzuk), Iberiar Penintsulakoa egin zuen ondoren (100 izen berri proposatuz) eta Europako hegaztien euskarazko izendegia osatu du azkenik, beste 300 izen inguru proposatuz, orain arte euskarazko izen arrunt estandarizaturik ez zeukaten beste horrenbeste espezierentzat, eta Europako hegaztien zerrenda osatzen duten 1.150 espezie ingururen euskarazko izenen zerrenda osatuz.

Orain arte landutako txostenak eta proposamenak

Atal honetan bildu ditugu orain arte hartutako erabaki guztien txostenak, edozein euskal txorizalek bere esku izan ditzan PDF formatuan kontsu:

Munduko hegaztien euskarazko izenen bilatzailea, Txoriak.eus webgunean

Munduko hegazti guztien datu-basea, IOC erakundeak urtero ateratzen duen zerrenda taxonomikoaren araberakoa, orain arte euskarazko izena duten 1300 espezie ingururekin, Txoriak.eus webgunean kontsulta dezakezue, bilaketak egiteko aukerarekin, Munduko txorien euskarazko izenak atalean.

Gure asmoa da, teknikoki posible den unean, datu-base hori Ornitologia.eus webgune honetan bertan jartzea txorizale guztien eskura.

“Animalien euskarazko izenak finkatzeko oinarrizko irizpideak”

Horrekin batera, Txori-izenen Lantaldeak “Animalien euskarazko izenak finkatzeko oinarrizko irizpideak” izeneko dokumentua ere osatu du, azken 50 urteotan esparru honetan hartutako erabaki guztiak eta euskarazko animalia-izenen egungo panorama laburbiltzen dituena, izen berriak finkatzeko orduan jarraitu behar diren irizpide orokorrekin batera. Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearekin ari gara elkarlanean dokumentu horri forma eman eta plazaratzeko. Azken hilabeteetan adostu ditugun txori-izenak proposatzeko orduan irizpide horiek jarraitu ditugu.

Sareko hainbat proiektutako euskarazko txori-izenen zerrenden ardura

Txori-izenen Lantaldeak bere gain hartu duen beste arduretako bat izan da sarean dauden erreferentziazko hainbat webgune eta datu-basetan azaltzen diren txorien euskarazko izenak eguneratzea. Hau da, bermatzea erreferentziazko katalogo diren sareko datu-base erraldoi horietan euskarazko izenak ere azaltzen direla eta euskarazko izen horiek zuzenak direla.

Lan horretan dihardugu 2020. urteaz geroztik eBird plataforman (urtero eguneratzen da bertoko euskarazko izendegia), Birds of the World datu-basean, ReservoirBirds webgunean, SEO erakundearen datu-base eta aplikazioetan eta Wikipedian. Lan hori beste plataforma batzuetara hedatzeko asmoa ere badugu, besteak beste Ornitho.eus webgunera, Avibase datu-basera eta mundu mailako erreferentzia taxonomikoa den IOC batzordearen datu-basera.

Sareko katalogo, aplikazio eta datu-baseetan ez ezik, berriki argitaratu diren zenbait liburutan ere euskarazko izenak gainbegiratu eta zuzentzeko ardura hartu du Txori-izenen lantalde honek, besteak beste 2024an egin ditugun bi lan hauek (gaztelaniazko edizioak izan arren, txori bakoitzak euskarazko izena ere badu):

  • Guía para la identificación de los paseriformes europeos (L. Svensson)
  • Aves de Europa. Identificación de todas las especies y plumajes (Nils van Duivendijk, Marc Guyt)