Batzordea

Ramón Arambarri

Euskal Batzorde Ornitologikoa (EBO) izaera zientifiko eta teknikoa duen erakunde independientea da, ezelango lotura eta menpekotasunik ez duena beste inolako elkarte, erakunde edo administraziorekin. Batzorde honek izaera ireki eta bateratzailea izango du, transbertsala, eta EAEko ornitologoen eta administrazioen arteko zubi-lanak egiteko asmoarekin sortu da.

EAEko ornitologiarentzat interes orokorreko funtzioak hartuko ditu bere gain, betiere beste elkarte edo administrazioren batek betetzen ez baditu edo bete ezin baditu. EBOk ez ditu bere gain hartuko dagoeneko beste erakunde edo enpresaren batek egiten dituen lanak, hala nola hegazti zentsoak egitea, jarraipen-programak kudeatzea edo ingurumen-eraginaren inguruko ikerketak eta kudeaketa-lanak.

Azken batean, Euskal Batzorde Ornitologikoaren asmo nagusia da hegaztien munduarekin harremana daukaten elkarte, erakunde eta administrazioen arteko zubi-lana eta koordinazioa egitea. Horrez gain, EBOk ondorengo lanak ere beteko ditu (edo bete ditzake aurrerantzean):

  • EAEko hegaztien zerrenda ofiziala (zerrenda patroia) osatzea eta eguneratzea. EAEn azken urteotan ikusi diren hegazti-espezie guztiak jasoko ditu, lurralde honetan duten estatusarekin batera. Erreferentziazko taxonomia bat ezartzeko ere balio beharko du eta, era berean, hegaztien euskarazko izendegia eguneratu eta euskarazko izen ofiziala zehazteko ere balio beharko du, Euskal Herriko hegaztiena ez ezik, baita beste lurralde batzuetakoena ere.
  • EAEn ezohiko diren espezieen behaketak homologatzea. Horretarako, ezohiko behaketa horiek aztertu eta homologatzeko lana izango duen Batzorde bat osatu da.
  • EBOren webgunea (ornitologia.eus) eta sare sozialak kudeatzea.
  • EAEko Urtekari Ornitologikoa osatzea.
  • EAEko Kongresu Ornitologikoa antolatzea.
  • Euskal gizartearekin hartu-emana eta komunikazio-fluxu iraunkorra bermatzea, horretarako sare sozialak edo egoki izan daitekeen beste edozein bide erabilita.
  • EAEn ornitologiarekin zerikusia duten zaletuen, profesionalen, elkarteen eta erakundeen arteko kolaborazioa eta hartu-eman egokia sustatzea.
  • EAEko ornitologiarentzat intereseko izan daitezkeen gaien inguruko txosten teknikoak egitea, deskriptiboak zein gomendio-emaleak, hegaztien ezagutzaren eta kontserbazioaren esparruetan

Gainera, beste funtzio edo betebehar batzuk ere sortu daitezke aurrerantzean, betiere Batzordearen izaera eta asmo nagusiekin bat badatoz.

Batzordearen antolaketa eta funtzionamendua barne araudi honek zehaztuko du: Barne araudia, PDF.

Antolaketa eta kideak

Zuzendaritza hiru urtetik behin berritzen da eta 2019ko otsailean Gasteizko II. Kongresu Ornitologikoan ondorengo kideek hartu zuten Batzorde honen ordezkaritza:

  • Juan Arizaga
  • Gorka Belamendia
  • José María Fernández
  • Javier Ferreres
  • Aitor Galarza
  • Gorka Gorospe
  • Maite Laso
  • Asier Sarasua
  • Azaitz Unanue

Zuzendaritza osatzen duten kide guztiek euren izenean hartzen dute parte Batzorde honetan, eta ez dute ordezkatzen inolako erakunde, enpresa edo elkarterik. Zuzendaritza hau 2002ko Kongresuan berrituko da.

Asier Sarasua, Aitor Galarza, Maite Laso, Juan Arizaga, Asaitz Unanue, Chema Fernandez, Gorka Belamendia.