IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa

Asteburuan zehar 100 txorizale baino gehiago elkartu ziren Urdaibaiko Ekoetxean, IV. Kongresu honetan.

IV. Kongresu Ornitologikoa: Busturia (Bizkaia), 2025eko azaroak 29-30

IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa 2025eko azaroaren 29-30 asteburuan izan zen, Urdaibaiko Ekoetxean, Busturian (Bizkaia). Kongresua Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu zuen, Batzorde Ornitologikoaren laguntzarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Kongresu ornitologiko hauen helburu nagusiak dira euskal ornitologoen arteko topagune izatea eta ornitologiaren alorrean egiten ari diren ikerketa eta jarraipen-programa nagusien berri ematea. Eta halaxe izan zen Urdaibaiko Kongresu hau ere. 100 txorizale inguru elkartu ginen hitzaldiz eta mahai-inguruz betetako asteburu batean. Giro ona, iritzi-trukea eta txorizaleen arteko topagune aberasgarria izan ohi dira Kongresuak eta 2025ekoa ez da salbuespena izan. Aurreko Kongresuekin alderatuta, gainera, nabarmen igo zen txorizale gazteen presentzia eta baita emakumeena ere. Berri pozgarria denontzat, beraz!

Kongresua larunbat goizean hasi zen Álvaro Camiñak emandako hitzaldi nagusiarekin: Euskadiko hegaztien kontserbaziorako erronkak. Energia berriztagarria eta hegaztiak. Horren ondoren, ornitologiarekin lotutako hainbat gai landu ziren, besteak beste, hegaztien kontserbazioa eta kudeaketaren inguruko hitzaldi-sorta bat eta Euskal Herriko zenbait hegazti espezieren populazio-dinamikak aztertu zituen beste bloke bat. Eta ikerlari gazteek ere euren txokoa izan zuten larunbat arratsaldean, hainbat ikuspegi lantzen dituzten beste horrenbeste hitzaldi interesgarrirekin.

Igande goizean, berriz, hitzaldi-bloke bakarra izan genuen, Hegaztien atlasak eta beraien aplikazioa kontserbaziorako. Hitzaldi-sorta horren barruan, aurten abiatuko den Euskadiko hegazti negutarren atlasaren proiektuaren berri eman zuen Atlasaren arduradun den Juan Arizagak. Eta hondar ekitaldia ordu eta erdiko mahai-ingurua izan zen, puru-purian dagoen gai batekin: Hegaztiak, padurak eta pertsonak: Urdaibaiko oreka hauskorrak.

Amaitzeko, Euskal Batzorde Ornitologikoaren zuzendaritza ere aukeratu zen, azken 3 urteotan jardunean izan den taldea beste 3 urterako aukeratuz.

Kongresuko materiala

Hitzaldiak (pdf)

Hegaztien kontserbazioa eta kudeaketa / Conservación y gestión de la avifauna

Populazioen ikerketak / Estudios poblacionales

Ikerlari gazteen atala / Apartado de jóvenes investigadores

Miszelanea / Miscelánea

Hegaztien atlasa eta horren aplikazioak kontserbaziorako / Atlas de aves y sus aplicaciones para la conservación

Albiste relazionatuak