Europako hegaztien izendegia bukatzear eta mundukoa osatzeko lehenengo urratsak

2025-04-18 By

Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan antolatu den hegaztien izen arrunten inguruko lantaldeak urratsak ematen jarraitzen du. 2020an jarri zen martxan lantaldea eta hasierako urteetan taldea bera antolatzea eta irizpideak ondo zehaztea izan ziren lehentasuna, azken hamarkadetan euskarazko txori-izenak finkatzeko erabili diren irizpide nagusiak bilduz (besteak beste, UZEIk eta Elhuyarrek).

Hasierako urratsak beti tentuz eman beharrekoak dira, oinarriak ondo finkatu ahal izateko, eta behin martxa hartuta, azken hilabeteotan emaitzak ikusteko ordua heldu da.

Behin Euskal Herriko hegaztien izendegia borobilduta eta Iberiar Penintsulakoa osatu ondoren (100 izen berri proposatuz), azkenaldian Europako hegaztien euskarazko izendegia osatzea izan da helburu nagusia, Europako 1.050 txori-espezieen artean 400 inguru baitziren inolako euskarazko izen arruntik gabeak (ez Euskaltermen, ez Hiztegi nagusietan, ez euskarazko Wikipedian).

Europako izendegia osatzeko egin diren azkenengo txostenak lantaldearen atalean ikusi ditzakezu. Gainera, Europako espezieentzat izenak proposatu ahala, aztertutako taldeak osorik landu dira eta munduko izendegia osatzeko lehenengo urratsak ere egin dira. Adibiderako, Jacanidae, Ciconiidae, Anseriformes, Ratites, Alcidae edo Procellaridae taldeentzat osatu diren txostenak, non Europako espezieetatik abiatuta, talde horietako mundu osoko espezie guztientzat izenak proposatu diren.

Goiko irudian agertzen den tinamu beltza, esate baterako (Tinamus osgoodi), Peru eta Kolonbia arteko baso hezeetako espeziea, orain arte euskarazko izen arrunt espezifikorik ez zuena.

*Argazkia: Blair Dudeckhttps://www.inaturalist.org/photos/70265010, CC BY 4.0, Link