“Hegazti habiagileen atlasa” bere bigarren fasean sartu da

2020-04-27 By

EAEko Hegazti Habiagileen Atlasaren helburua da gure lurraldean ugaltzen diren hegazti espezieen banaketa zehatza jakitea.

Laginketa eta datu-biltzea 2016ko udaberrian hasi zen, EAE bere osotasunean hartzen duten 5×5 km-ko kuadrikuletan egindako zentsoen bidez, eta lehenengo fase hau bukatzear dago. Datozen hilabeteotan datuen azterketa hasiko da, espezieen fitxak eta banaketa-mapak sortzearekin batera.

Une honetan bertan ari gara egiten azken zentsoak. Gipuzkoan eta Bizkaian lanketa ia bukatuta dago. Kuadrikula gutxi batzuk besterik ez dira falta eta egunotan burutuko dira laginketak, itxialdi-egoera honek eskatzen zituen baimenak lortu ondoren.

Araban, aldiz, eremu zabalagoa dago aztertzeko, baina hegoalde osoa laginduta dago eta iparraldeko eskualdeetan ahalegin berezia egingo da datozen asteotan, ahalik eta bilketa zehatz eta osoena lortu ahal izateko.

Bien bitartean, beste zentso batzuetan jasotako informazioa ere bilduko da, gehienbat espezie berezi batzuen datuak jaso ahal izateko, hala nola, harrapariak, pizidoak, gautarrak, urtarrak, eta abar. Helburua, nola ez, Euskal Autonomia Erkidegoan kumatzen diren espezieen banaketaren inguruko ahalik eta informazio zabalena jasotzea.

Datozen hilabeteotan datuen azterketa hasiko da, eta 2021 hasierako datu guztiak prest izatea espero da, banaketa-mapak sortu ahal izateko.

Ondoren, espezieen fitxak idazteko epea hasiko da. Horretarako, espezie edo familia bakoitzean adituak diren txorizaleen laguntza eskatuko da. Ondo bidean, Atlasa 2022an argitaratuko da.

Proiektuaren koordinazio orokorra Aranzadi Zientzia Elkartearena da, eta lurralde mailan ondorengo arduradunak daude: Itsas Enara Ornitologi Elkartea (Gipuzkoa), Sociedad Ornitológica Lanius (Bizkaia) eta Arabako Natur Institutua (Araba). Gainera, atlasak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte-hartze zuzena izan du, lurralde horretako zenbait kuadrikula basozainek zentsatu baitituzte.

Euskal ornitologoek izan dugun erronka handienetakoa izango da Hegazti Habiagileen Atlasa, gure lurraldeko espezieak eta euren banaketa sakon ezagutzeko tresna paregabea izango dena.

This image has an empty alt attribute; its file name is 800px-Pair_of_merops_apiaster_feeding_cropped.jpg
Pierre Dalous (Wikipedia)