IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa, gure lurraldeko komunitate ornitologikoaren bilgune
Asteburuko egitaraua, gure lurraldeko hegaztien ikerketaren erakusleiho eta txorizaleon topagune
Busturiako Ekoetxean antolatu zen joan zen asteburuan, azaroaren 29-30 bitartean, IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa, txorizaleon egutegian tradizio bihurtu den topagunea. Aurreko ekitaldietan bezala, ornitologo profesionalak, ikerlari hasiberriak eta txorizale amateurrak bildu zituen Kongresuak, bere 4. edizioan.
Euskal Batzorde Ornitologikoak sustatzen ditu Kongresu Ornitologikoak 2016az geroztik eta aurtengo ekitaldia Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu du, Bizkaiko Foru aldundiaren babesarekin.
Kongresu ornitologiko hauen helburu nagusiak dira euskal ornitologoen arteko topagune izatea eta ornitologiaren alorrean egiten ari diren ikerketa eta jarraipen-programa nagusien berri ematea. Eta halaxe izan da Urdaibaiko Kongresu hau ere. 100 txorizale inguru elkartu ginen hitzaldiz eta mahai-inguruz betetako asteburuan. Giro ona, iritzi-trukea eta txorizaleen arteko topagune aberasgarria izan ohi dira Kongresuak eta 2025ekoa ez da salbuespena izan. Aurreko Kongresuekin alderatuta, gainera, nabarmen igo da txorizale gazteen presentzia eta baita emakumeena ere. Berri pozgarria denontzat, beraz!
Juan Arizagak, Aranzadiko ornitologia saileko zuzendariak eta ekitaldiaren antolaketa-batzordeko kideak, argi du: “2016an sortu zenetik, kongresu hau gure lurraldeko ornitologo, ikertzaile eta zaletuen bilgune nagusia bihurtu da, ezagutza trukea eta hegaztien kontserbazioan eta monitorizazioan egindako aurrerapenak partekatzea sustatuz”.
Kongresuaren inguruko informazio guztia eta materiala (argazkiak, hitzaldien laburpena, aurkezpenak, egitaraua…) IV. Euskal Kongresu Ornitologikoari eskainitako atalean aurkituko duzu.
Edukiz betetako larunbata
Kongresua Álvaro Camiñak ireki zuen gaur egungo dilema larrienetako bat planteatuz: nola uztartu energia-trantsizioa hegaztien babesarekin. Bere hitzaldiak, “Euskal Herrian hegaztien kontserbaziorako erronkak: energia berriztagarriak eta hegaztiak”, ezarri zuen bilera osoko hausnarketa-tonua. Goizak kontserbazioan eta kudeaketan oinarritutako aurkezpenekin jarraitu zuen. Arrano arrantzalea eta sai zuria, bi espezie enblematiko eta zaurgarriak, izan ziren lehen saioaren ardatza. Ondoren, populazio-dinamikari buruzko eztabaida etorri zen: ur-zozoa, kaio hankahoriak, mozolo arrunta eta zikoina zuria izan ziren aurkezpenetan protagonistak, EAEko hegaztien aberastasuna eta aniztasuna erakutsiz.
Arratsaldeak aire freskoa ekarri zuen. Ikerlari gazteek mikrofonoa hartu zuten beren azken proiektuak aurkezteko, une honetan ornitologo gazteen taldea ideiaz beteta dagoela erakutsiz. Ikuspegi anitzak, metodologia berritzaileak eta ilusioa izan ziren saio honen ezaugarri nagusiak.
Igandea: Atlasetik Lurralde Eztabaidara
Igande goiza kontserbaziorako oinarrizko tresna baten inguruan ibili zen: hegaztien atlasak. “Hegaztien Atlasa eta Kontserbaziorako Aplikazioak” izenburupean, EAEko Neguko Hegaztien Atlas berria aurkeztu zen ofizialki, eta landa-lana abendu honetan bertan hasiko da.
Kongresua ixteko, erronka ezinbestekoa, Urdaibaiko paduren egoeraren eta kudeaketaren inguruko eztabaida sakona. Ordu eta erdiz, Hegaztiak, Padurak eta Pertsonak: Oreka Hauskorrak Urdaibain mahai-inguruan, adituek eztabaidatu zuten nola mantendu erreserbaren biodibertsitatea eta aberastasun ekologikoa, bertako herritarren ongizatea eta garapen jasangarria mantenduz.
Batzorde Ornitologikoaren Zuzendaritza berritu zen
Bukatzeko, eta Kongresu hauetan ohiko den bezala, Euskal Batzorde Ornitologikoaren zuzendaritza berritzeko ere aprobetxatu zen, 3 urtero kongresuen baitan egiten den eguneraketa-prozesua.
Kongresuaren fitxa teknikoa:
- Sustatzailea: EAEko Ornitologia Batzordea
- Antolatzailea: Aranzadi Zientzia Elkartea
- Babeslea: Bizkaiko Foru Aldundia
- Lekua: Ekoetxea Urdaibai, Busturia (Bizkaia)
- Datak: 2025eko azaroaren 29-30
Kongresuaren inguruko informazio guztia eta materiala (argazkiak, hitzaldien laburpena, aurkezpenak, egitaraua…) IV. Euskal Kongresu Ornitologikoari eskainitako atalean aurkituko duzu.













