Euskal Batzorde Ornitologikoaren zuzendaritza berritzeko hautagaitzak aurkeztu daitezke
Azaroaren 26an eta 27an Donostian izango dugun III. Kongresu Ornitologikoa aprobetxatuta, Euskal Batzorde Ornitologikoaren (EBO) zuzendaritza-batzordea berritzea egokituko zaigu, Gasteizen 2019an egindako II. Kongresu Ornitologikoan aukeratu zena. Dagoeneko irekita dago hautagaitzak aurkezteko epea; txorizalea bazara, animatu zaitez!
Euskal Batzorde Ornitologikoaren zuzendaritza 10 lagunek osatzen dute eta 3 urtero berritzen da, Euskal Kongresu Ornitologikoak aprobetxatuz, Kongresuan bertan. 2019an aukeratu zen azken 3 urteotan zuzendaritzan izan den lantaldea, eta azaroaren 26an berrituko da Donostian egingo den III. Kongresu Ornitologikoan.
EBOko kideak bozketa unibertsal eta sekretu bidez aukeratuko dira Euskal Kongresu Ornitologikoetan. Adinez nagusi den eta ornitologiari buruzko nahikoa ezagutza duen edozein kide aurkeztu daiteke kide izateko.
Euskal Batzorde Ornitologikoa (EBO) 2016an sortu zen Urdaibaiko Busturian egin zen I. Euskal Kongresu Ornitologikoan. 80 txorizaletik gora elkartu ginen lehenengo kongresu horretan eta aho batez onartu zen euskal txorizale guztien topagune eta elkargune izango zen Batzorde Ornitologiko bat sortzea.
Lehenengo Kongresu horretan erabaki zen Euskal Batzorde Ornitologikoak izaera zientifiko eta teknikoa duen erakunde independientea izango dela, ezelango lotura eta menpekotasunik ez duena beste inolako elkarte, erakunde edo administraziorekin. Batzorde honek izaera ireki eta bateratzailea izango du, transbertsala, eta EAEko ornitologoen eta administrazioen arteko zubi-lanak egiteko asmoarekin sortu da.
Azken batean, Euskal Batzorde Ornitologikoaren asmo nagusia da hegaztien munduarekin harremana daukaten elkarte, erakunde eta administrazioen arteko zubi-lana eta koordinazioa egitea.
Batzorde Ornitologikoaren funtzionamenduaren barne araudia 2019an Gasteizen egindako II. Kongresu Ornitologikoan zehaztu zen. Araudi horretan ezarri ziren Batzorde honen funtzioak, antolaketa eta funtzionamendu orokorra eta, gainera, Batzordearen lehenengo zuzendaritza-batzordea ere zehaztu zen, Euskal Herriko hainbat erakunde eta elkartetako 9 kidek osatu dutena 2019-2022 bitartean.
Batzordeko kide izateko hautagaiak bakarka edo zerrenda itxi batean aurkeztu daitezke. Hautagaitza ofizialki bideratzeko idazkariari jakinarazi beharko diote euren asmoa. Hautagaiek hegaztien munduan duten ezagutza eta gaitasuna frogatu beharko dituzte. Informazio hori hautagaitzaren zerrendari erantsiko zaio.
Animatu zaitez, txorizale! Edozertarako, jarri zaitez gurekin harremanetan email bat bidaliz.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest