III. Euskal Kongresu Ornitologikoa: prest daukazu behin betiko egitaraua

2022-11-09 By

III. Euskal Kongresu Ornitologikoa Donostian (Gipuzkoa) izango da 2022ko azaroaren 26-27 bitartean, Euskal Batzorde Ornitologikoak antolatuta, Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin. Izen-ematea irekita dago irailetik eta egitaraua ere prest daukagu dagoeneko.

Hemen duzu Egitarau osoa ikusgai PDF formatuan (PDF, 500 Kb).

Gai nagusietako bat 2023an kaleratuko den “Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasa” izango da eta Atlasean jaso diren emaitzen aurrerapena emango da. Atlas berri horren aurkezpen bezala funtzionatuko du Kongresuak. Gainera, beste hainbat gai ere landuko dira, kontserbaziotik hasi eta populazioen dinamikara, eta espezieen banaketatik zientzia hiritarrera, kasurik gehienetan Euskal Herrian egiten diren lanetatik abiatuta.

Hitzaldi nagusia, Kongresuari hasiera emango diona, Sergi Herrando Vilak emango du: “Características, aplicaciones y evolución de los atlas de aves” izenburuarekin. Herrando biologian doktorea da eta bere espezialitatea populazioen dinamika da, bereziki ingurumen aldaketa globalekin eta epe luzekoekin lotuta dauden aldaketak. Europako hegazti habiagileen atlasaren koordinatzaile izan da (EBBA2), sekula egin den monitorizazio-proiektu handienetako bat.

Gainera, bi mahai-inguru interesgarri ere izango ditugu. Lehenengoa, larunbat arratsaldean, natura-aisialdiaren eta hegaztien kontserbazioaren ingurukoa. Bigarrenean, berriz, hegaztien populazioek gaur egun dituzten mehatxu nagusiak eta kontserbaziorako erronka nagusiak aztertuko dira.

Esan bezala, Kongresura etortzeko izen-ematea irekita dago (prezio 40 eurokoa da; 18 urtetik beherakoek doan dute):

Euskal Kongresu Ornitologikoak hiru urtero antolatzen ditu 2016. urteaz geroztik Euskal Batzorde Ornitologikoak eta bi helburu nagusi dituzte: euskal ornitologoen arteko topagune izatea eta ornitologiaren alorrean egiten ari diren ikerketa eta jarraipen-programa nagusien berri ematea.

Hortaz, Euskal Herriko txorizale guztiak gonbidatu nahi ditugu azaroan Donostian izango den kongresu honetara. Eman izena eta apuntatu itzazue datak zuen agendetan: azaroaren 26-27 asteburuan, Donostian!