Euskarazko izen arrunten proposamenak Jacanidae, Ciconiidae, Fregatidae eta Anseriformes taldeentzat

2024-10-18 By

Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan osatu den ‘Txori-izenen lantaldeak‘ lanean jarraitzen du munduko hegaztien euskarazko izen arrunt estandarizatuak finkatzeko asmotan eta 4 talde osorentzat proposamenak aurkeztu ditu, beste horrenbeste txostenetan.

Batetik, Jacanidae, Ciconiidae eta Fregatidae familiak landu ditu eta talde horietako espezie guztientzat izen arruntak proposatu. Jakanidoen artean 6 generotako 8 espezie daude; Zikonidoen artean 6 generotako 20 espezie; Fregatidoen artean genero bakarreko 5 espezie.

Horien guztien artean, espezie bakarren bat izan ezik, gainontzekoek ez zuten euskarazko izen arruntik, ez behintzat espezifikorik, eta izen generikoak ere banaka.

Bestalde, 2002. urtean Amaia Iribarrek koordinatutako “Munduko hegaztien izenak – Anseriformeak” lana ere gainbegiratu du Txori-izenen lantaldeak eta beste txosten batean bildu ditu ondorioak. Funtsean, 2002an hartutako erabaki gehien-gehienak onartu dira, baina egungo taxonomiara egokitu behar izan dira zenbait espezie. Anseriformes ordeneko 178 espezie izan dira gainbegiratu eta zerrendatu direnak.

Webgune honetako Hegaztien euskarazko izenen atalean aurkituko dituzu, aipatutako txostenekin batera, Txori-izenen lantaldeak egin dituen gainontzeko proposamen-txostenak, orain arte egindako lanaren laburpenarekin batera.

……

Argazkia: jakana karibearra (Jacana spinosa), Ron Knight, Wikimedia, CC-BY-SA.