
Hegaztien euskarazko izenen inguruko gure lana azaldu dugu Euskadi Irratian
Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan 2020. urteaz geroztik daukagun “Hegaztien euskarazko izenak” lantaldearen jarduna zein den eta, oro har, hegaztien euskarazko izen arrunten egoera, historia, irizpideak eta beharrak izan ditu mintzagai gure taldekide Asier Sarasuak Norteko Ferrokarrilla irratsaioan.
Guillermo Roak gidatua eta Elhuyarren gidaritzapean, zientzia dibulgazioaren inguruko irratsaiorik garrantzitsu eta beteranoena da Norteko Ferrokarrilla.
Asier Sarasua taldekidea bertan izan da animalia izen arrunten inguruan berriketan eta, batez ere, hegaztien euskarazko izenen inguruan Batzorde honetan egiten ari garen lana azalduz. Azken urteotan lantalde espezifiko bat osatu dugu Euskal Batzorde Ornitologikoan, esperientzia zabaleko 12 txorizalez osatua, esparru, lurralde eta erakunde/elkarte desberdinetakoak, ondorengo helburuarekin: hegaztien euskarazko izenen egoera aztertzea, euskarazko izenen zerrenda eguneratuta mantentzea eta, euskarazko izen arrunta falta zaien hegaztien kasuan, euskarazko izen arrunt estandarizatua proposatzea.
Hemen duzue entzungai, Nahieran plataforman zein Guau plataforman.