“ZAPELATZ programa” aurkeztu du Aranzadi Elkarteak, EAEko eguneko baso-harraparien jarraipen-programa
Aranzadi Elkarteak ZAPELATZ proiektua aurkeztu berri du, Euskadiko eguneko baso-harraparien jarraipen programa. Programa honen helburua da gure lurraldean bizi diren eta ondoegi ezagutzen ez ditugun hegazti harrapari hauen jarraipen estandarizatua egitea: zapelatz liztorjalea (Pernis apivorus), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), arrano txikia (Aquila pennata), gabirai arrunta (Accipiter nisus), aztorea (Accipiter gentilis), miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans), zapelatz arrunta (Buteo buteo) eta zuhaitz-belatza (Falco subbuteo).
Jarraipen-protokoloa nahiko erraza da, urtean 4-6 orduko dedikazioa bakarrik eskatuko dio partaide bakoitzari eta txorizale guztiei egiten zaie bertan parte hartzeko deia. Xehetasun guztiak dokumentu honetan (PDF) aurki ditzakezue, baina laburbilduz hauxe da protokoloa.
- EAEko hegazti habiagileen Atlasa egiteko zehaztu ziren 5×5 km UTM kuadrikulak erabiliko dira. Behatzaile bakoitzak zentsua egiteko lauki bat edo gehiago aukeratu ahal izango ditu. Eskuragarri dauden laukien zerrenda esteka honetan kontsulta daiteke.
- Kuadrikula bakoitzean behaketa-puntu bat zehaztuko da (ahal dela erdigunean eta beti gailur edo puntu garai batean).
- Jarraipen-programak 2 urteko iraupena izango du eta, 5 urteko atsedenaldien ostean, beste 2 urteko jarraipena egitea aurreikusten da (2-5-2-5 maiztasunarekin, beraz).
- Jarraipena martxotik irailera egingo da, urtean 4-6 bisita eginez behaketa-puntu bakoitzera.
- Behaketa bakoitza ordubetekoa izango da. Partaide bakoitzak urtean 4-6 orduko dedikazio hori eskaini beharko dio programari.
Esan bezala, ZAPELATZ Programan edozein txorizalek hartu dezake parte eta komunitate osoa dago gonbidatuta bertan parte hartzera. Horretarako koordinatzailearekin jarri behar da harremanetan: jarizaga@aranzadi.eus, behatu nahi den kuadrikula(k) zeintzu diren adieraziz.
Protokoloaren xehetasun guztiak dokumentu honetan (PDF) aurkituko dituzue eta, funtsean, ondorengo parametroak estimatzeko balioko du ZAPELATZ programak:
- Agerpen-probabilitatea; hau da, espeziea presente dagoen laginketa-unitateen ehunekoa (5×5 km-ko UTM laukiak). Hortik, Euskadin espezie bakoitzaren agerpen-probabilitatea modelizatuko da.
- Kolonizazio-, desagerpen-probabilitatea; hau da, espeziea agertzen edo desagertzen den laginketa-unitateen ehunekoa. Azken hori, berez, aldaketa-indize bat da espezie bakoitzaren banaketa-eremuan.
- Hautemateko probabilitatea.