“EAEko Hegazti Habiagileen Atlasa” argitaratzeko lana azken txanpan sartu da

2022-02-20 By

Euskal Herriko txorizaleentzat lan erreferentziala izango den “Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasa” bere azkenengo txanpan sartu da. 2016-2020 bitartean landa-lana egin eta datuak jaso ondoren, azken urtean espezie guztien mapak eta hegazti espezie bakoitzaren egoeraren inguruko fitxak osatzen jardun du lantalde zabal batek.

Otsailean zehar bukatuko da lanketa-fase hau eta espezie guztien oinarrizko testuak arduradunen esku geratuko dira, hurrengo hilabeteetan azken orrazketa eta bateratze lanetan murgiltzeko.

Hemendik udara bitartean fitxa guztiak gainbegiratu eta bateratuko dira, azkenengo mapak osatu eta diseinatuko dira eta testu orokorrak idatziko (sarrerak, metodologia, eranskinak…). Ondoren, okerrik ezean, aurtengo udazkenean hasiko da liburuaren maketazioa eta edizioa, eta 2023 hasierarako euskal txorizale guztion esku egongo da gure lurraldeko hegaztien egoera zein den inoiz baino zehatzago azalduko digun lan garrantzitsu hau, EAEko hegazti habiagileen lehenbiziko atlasa.

Ondo bidean, aurtengo udazkenean Donostian izango den III. Euskal Kongresu Ornitologikoan emango da Atlasean jasotako lehenengo datuen aurrerapena.