
Euskarazko izen arrunten proposamena munduko 700 txori espezierentzat
Euskal Batzorde Ornitologiko honen lan nagusietako bat da EAEko hegaztien zerrenda ofiziala osatzea, lurralde honetan inoiz ikusi diren hegazti guztien zerrenda argitaratuz, taxonomia eguneratuarekin eta euskarazko zein gaztelaniazko izendegiekin.
Oinarri-oinarrizko lan horretatik abiatuta, azken urteotan lantalde espezifiko bat ere osatu dugu Batzorde honen baitan, ‘Txori-izenen lantaldea‘, esperientzia zabaleko 12 txorizalez osatua, esparru, lurralde eta erakunde/elkarte desberdinetakoak, ondorengo helburuarekin: hegaztien euskarazko izenen egoera aztertzea, euskarazko izenen zerrenda eguneratuta mantentzea eta, euskarazko izen arrunta falta zaien hegaztien kasuan, euskarazko izen arrunt estandarizatua proposatzea.
Lehenago ere aipatu izan dugu lan-batzorde honen jarduna Albistegi honetan bertan, besteak beste Jacanidae, Ciconiidae, Fregatidae eta Anseriformes taldeentzat egindako proposamenak jaso genituenean.
Azken hilabeteotan, berriz, 2024. urteko udazkenean, munduko 700 txori-espezierentzako proposamenak egin ditu batzordeak, orain arte euskarazko izen arruntik ez zeukaten espezie horietako bakoitzarentzat euskarazko izen arrunta proposatuz. Besteak beste, goiko irudian ikusi dezakezuen lira-oilar kaukasoarra (Lyrurus mlokosiewiczi, Phasianidae).
Esan bezala, proposamenak dira orain arte egin ditugunak. Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordearekin ari gara elkarlanean proposamen hauek alderdi linguistikotik aztertu eta berme terminologikoa jaso dezaten, behin betiko zerrenda osatu ahal izateko, horrelako lanek behar duten sendotasun linguistiko eta terminologikoarekin.
Orain arte adostutako proposamenak Hegaztien euskarazko izen arrunten atalean aurkituko dituzue, PDF formatuan eta espezie edo talde bakoitzari dagokion azalpen terminologikoarekin.
*Argazkia: Irol Hatinoğlu, Macauly liburutegia eta Bird.org.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest