IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa (azaroak 29-30, Urdaibain): prest daukazu behin betiko egitaraua

2025-10-30 By

IV. Euskal Kongresu Ornitologikoa Urdaibain (Busturia, Bizkaia) izango da 2025eko azaroaren 29-30 bitartean, Euskal Batzorde Ornitologikoak antolatuta, Aranzadi Zientzia Elkartearen lankidetzarekin. Izen-ematea irekita dago irailetik eta egitaraua ere prest daukagu dagoeneko.

Izena emateko, bete ondorengo 2 urratsak:

  1. Bete izen-emate formularioa.
  2. Ordaindu aipatutako kuota ondorengo estekan.

Entzule moduan etortzeko izen-ematea 40 eurokoa izango da. 18 urtetik beherakoak doan izango dute etortzea, baina izena ematea beharrezkoa da.

IV. Kongresu Ornitologikoa, egitaraua

Kongresua larunbat goizean hasiko da, Álvaro Camiñak emango duen hitzaldi nagusiarekin: Euskadiko hegaztien kontserbaziorako erronkak. Energia berriztagarria eta hegaztiak. Horren ondoren, ornitologiarekin lotutako hainbat gai landuko dira egun osoan zehar. Besteak beste, hegaztien kontserbazioa eta kudeaketaren inguruko hitzaldi-sorta bat izango dugu (esate baterako, arrano arrantzalearen eta sai zuriaren kontserbazioaz hitz egingo da) eta beste hitzaldi-bloke batean Euskal Herriko zenbait hegazti espezieren populazio-dinamikak azalduko dira (esate baterako, ur-zozoa, kaio hankahoria, mozolo arrunta, belatxikia, zikoina zuria…). 

Ikerlari gazteek ere euren txokoa izango dute larunbat arratsaldean, hainbat ikuspegi lantzen dituzten beste horrenbeste hitzaldi interesgarrirekin. Eta, eguna amaitzeko, Batzorde Ornitologikoaren Zuzendaritza eguneratzeko prozesua ere izango dugu. 

Igande goizean, berriz, hitzaldi-bloke bakarra izango dugu: Hegaztien atlasak eta beraien aplikazioa kontserbaziorako. Hitzaldi-sorta horren barruan, aurten abiatuko den Euskadiko hegazti negutarren atlasaren proiektuaren berri emango digute.

Eta Kongresua amaitzeko, igande eguerdian, ordu eta erdiko mahai-ingurua, puru-purian dagoen gai batekin: Hegaztiak, padurak eta pertsonak: Urdaibaiko oreka hauskorrak.

Hemen duzu Egitarau osoa ikusgai PDF formatuan (PDF, 500 Kb).

Euskal Kongresu Ornitologikoak

Euskal Kongresu Ornitologikoak hiru urtero antolatzen ditu 2016. urteaz geroztik Euskal Batzorde Ornitologikoak eta bi helburu nagusi dituzte: euskal ornitologoen arteko topagune izatea eta ornitologiaren alorrean egiten ari diren ikerketa eta jarraipen-programa nagusien berri ematea.

Esan bezala, Kongresura etortzeko izen-ematea irekita dago (prezio 40 eurokoa da; 18 urtetik beherakoek doan dute):

  1. Bete izen-emate formularioa.
  2. Ordaindu aipatutako kuota ondorengo estekan.

Hortaz, Euskal Herriko txorizale guztiak gonbidatu nahi ditugu azaroan Donostian izango den kongresu honetara. Eman izena eta apuntatu itzazue datak zuen agendetan: azaroaren 29-30 asteburuan, Urdaibain!