Euskal Batzorde Ornitologikoa formalki eratu da, zuzendaritza aukeratuta eta barne-araudia onartuta
Joan zen astean Gasteizen izandako II. Euskal Kongresu Ornitologikoaren ondoren, Euskal Batzorde Ornitologiko honek dagoeneko izaera “ofiziala” lortu du.
2016an erabaki zen Batzorde Ornitologikoa osatzea, eta harrezkero lantalde bat aritu da oinarriak ezartzen: helburuak izan behar direnak zehaztu, barne-araudiaren zirriborroa idatzi, webgunea sortu,… Otsailaren 22an egindako Batzar Nagusiaren ostean, Euskal Batzorde Ornitologikoak dagoeneko behin betiko izaera eta araudia ditu.
Kongresu Ornitologikora bertaratutako kideek oinarrizko bi erabaki hartu zituzten. Batetik, Batzorde Ornitologiko honen barne-araudia (PDF) izango dena onartu zen, aho batez, batzordearen funtzionamendua eta helburuak zehaztuko dituena.
Bestetik, Euskal Batzorde Ornitologikoaren lehenengo zuzendaritza izango dena ere aukeratu zen. Hauek izango dira 2022. urtera bitartean EBOren jarduera gidatuko dutenak: Juan Arizaga, Gorka Belamendia, José María Fernández, Javier Ferreres, Aitor Galarza, Gorka Gorospe, Maite Laso, Asier Sarasua, Azaitz Unanue. Zuzendaritza osatzen duten kide guztiek euren izenean hartzen dute parte Batzorde honetan, eta ez dute ordezkatzen inolako erakunde, enpresa edo elkarterik.
Euskal Batzorde Ornitologikoa (EBO) izaera zientifiko eta teknikoa duen erakunde independientea da, ezelango lotura eta menpekotasunik ez duena beste inolako elkarte, erakunde edo administraziorekin. Batzorde honek izaera ireki eta bateratzailea izango du, transbertsala, eta EAEko ornitologoen eta administrazioen arteko zubi-lanak egiteko asmoarekin sortu da.
Azken batean, Euskal Batzorde Ornitologikoaren asmo nagusia da hegaztien munduarekin harremana daukaten elkarte, erakunde eta administrazioen arteko zubi-lana eta koordinazioa egitea.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest