Behin datu-bilketa bukatuta, Hegazti Habiagileen Atlasa hurrengo fasean sartu da: mapak sortzea eta testuak idaztea

2020-12-12 By

Euskadiko Hegazti Habiagileen Atlasaren proiektua 2016an sortu zen eta, behin landa-lana amaituta, hurrengo urratsera igaro da. Datozen asteetatik aurrera espezieen mapak sortzen eta testuak idazten hasiko gara.

Duela egun batzuk koordinazio-bilera bat egin zuten Atlaseko arduradunek eta bertan jasotako azken datuen laburpena eskaintzen dizuegu. Bilera horretan izan ziren lurralde bakoitzeko arduradunak (Brian Webster, Araba; Ignacio García, Bizkaia; Héctor González, Gipuzkoa) eta Batzorde Ornitologikoko hainbat kide, tartean Atlasaren koordinatzaile nagusi den Juan Arizaga.

Bilera horretan Atlasaren egungo egoera zein den aztertu zen eta hemendik aurrera emango diren urratsak zerrendatu ziren, helburua garbia delarik: 2022. urterako argitaratuta izatea eta esku artean izan ahal izatea Atlasa.

Laginketa amaituta dago

Atlasa 2016an hasi zen lehenengo urratsak ematen, metodologia zehaztuz eta proba batzuk eginez. Harrezkero, eta 3-4 urtez, landa-lana egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko zoko eta bazter guztiak mihatuz. Zentso gehienak 2016-2019 bitartean egin ziren, nahiz eta Araban 2020an bukatu den.

Metodologia zehatz bat jarraituz egin dira laginketak, 5*5 km-ko kuadrikulak behatuz. Gainera, laginketa orokor horretaz gain, espezie edo talde batzuentzat datu bilketa gehigarriak ere lortu dira, besteak beste kaio, rupikola, urtar, harrapari gautar, zikoina eta okilentzat.

Gabonetarako datu-bilketa guztia prest egongo da eta Atlasa hurrengo fasean sartuko da. Datuen azterketa hasiko da, mapak sortuko dira eta espezieen fitxak idazteko ordua ere izango da.

Datuen azterketa eta espezieen fitxak osatzea

Esan bezala, behin datu-bilketa bukatuta, hemendik aurrera 3 prozesu paralelo abiaratuko dira.

a) Lehenengo eta behin, jasotako datu guztiak gainbegiratuko dira akatsen bat edo datu okerren bat ote dagoen aztertzeko.

b) Bestalde, espezieen fitxen egitura zehaztuko da eta bolondresak bilatzeko fasea irekiko da. Bolondres horien lana izango da jasotako datuak aztertu eta espezie bakoitzaren fitxako testuak idaztea.

c) Horrekin batera, Aranzadi Elkartea mapak modelizatzen joango da. Lehenengo espezie arruntenentzat (datu estandarizatuetatik abiatuz) eta ondoren espezie bakan eta berezienentzat. Hiru mapa mota sortuko dira: datu gordinen mapak, presentzia mapak (nahikoa datu duten espezieentzat, bederen) eta ugaritasun mapak.

Atlasa argitaratzeko hurrengo urratsak

  • 2020ko abendua: Bolondresak eskatzeko prozesua irekiko da. Behin fitxaren egitura zehaztuta, espezie bakoitzarentzat autore bana lortu beharko da. Esperientzia minimoa eskatuko da eta espezie hori ezagutzea.
  • 2021eko lehenengo seihilabetekoa: material guztia prestatuko da fitxak osatzen hasi ahal izateko. Uda aurretik prest egon beharko dira datu orokor eta mapa guztiak. Espezie jakin batzuetan aurrelan hori dagoeneko eginda dago (zikoinak, kaioak, ardeidoak…) eta 2021 hasieran hasi ahalko da fitxak osatzen.
  • 2021eko bigarren seihilabetekoa: 2021eko ekaina ingurutik aurrera espezie guztien fitxak sortzeko garaia izango da. Hiru hilabete aurreikusten dira fitxak idazteko eta beste hiru hilabete gainbegiratzeko. Amaieran dena itzuli beharko da.
  • 2022: Ondo bidean, materiala prest egongo da 2022an zehar maketatu, orraztu eta argitaratzeko.

Proiektuaren koordinazio orokorra Aranzadi Zientzia Elkartearena da, eta lurralde mailan ondorengo arduradunak daude: Itsas Enara Ornitologi Elkartea (Gipuzkoa), Sociedad Ornitológica Lanius (Bizkaia) eta Arabako Natur Institutua (Araba). Gainera, atlasak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte-hartze zuzena izan du, lurralde horretako zenbait kuadrikula basozainek zentsatu baitituzte.

Euskal ornitologoek izan dugun erronka handienetakoa izango da Hegazti Habiagileen Atlasa, gure lurraldeko espezieak eta euren banaketa sakon ezagutzeko tresna paregabea izango dena.

Pierre Dalous (Wikipedia)