Parke eta Lorategietako Hegaztien I. Neguko Zentsoa egingo da abenduaren 26an

2020-12-12 By

Neguko hegaztien zentsoak egiteak duen balioaz jabetuta, Aranzadik eta Ornitho Euskadik Parke eta Lorategietako Hegaztien I. Neguko Zentsoa antolatu dute.

Munduko beste hainbat herrialdetan tradizio handikoak dira parke publiko zein etxosteetako terraza eta lorategietan egiten diren zentso eta jarraipenak. Britainiarrek, adibidez, 1970etik daramate Garden Bird Feeding Survey egiten (etxebizitzetako lorategietan dituzten jantokietako hegaztiak zenbatuz) eta Estatu Batuetan ere Great Backyard Bird Count antolatzen dute urtero. Herrialde eskandinabiarretan ere ohitura zabaldua da, besteak beste etxebizitza askok dituztelako lorategi txikiak non hegaztientzat jantokiak izaten dituzten.

Euskal Herrian oraindik ez da hain ohitura zabala hegaztientzat jantokiak izatea etxe inguruan eta hirien antolaketa urbanistikoa ere oso ezberdina da. Hala ere, euskaldun gehienok lorategi edo parke publikoren bat badugu gure etxebizitzatik gertu eta, horri esker, antzeko ekimenak antolatzeko aukera ematen digu.

Izan ere, hegaztien neguko zentsoak oso baliagarriak dira ugalketa ez den aldian hegazti-populazioei buruzko hainbat parametro ezagutzeko, aldaketak banaketa geografikoan edo hauen ugaritasunean adibidez. Epe luzera, klima-aldaketak hegaztiengan duen eragina zehaztea ahalbidetzen dute, besteak beste.

Esan bezala, Aranzadik eta Ornitho atariak antolatuta, aurten egingo da Euskadiko parke eta lorategietako I. neguko zentsoa, abenduaren 26an egin ere.

Jarraibide guztiak Ornitho.eus webgunean dituzue, baina laburbilduz:

1) Aukeratu zein lorategi edo parke zentsatu nahi dituzun (bakarra edo batzuk). Lorategi pribatuen kasuan, informazio osagarria hurrengo estekan aurki dezakezu eta, bestela, idatzi ornitho@aranzadi.eus helbidera.

2) Zentsoak urteko azken larunbatean egingo dira, aurten abenduaren 26an, ahal bada goizeko lehen orduan. Egindako behaketak jaso eta Ornitho plataformara igo behar dira.