2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan behatutako txori-espezie arraroen txostena argitaratu dugu
Euskadin ikusi diren espezie arraroen behaketak homologatzen dituen batzordeak bere azken txostena argitaratu du Munibe aldizkarian, 2021. urtean jasotako ezohiko behaketen txostena, Informe sobre aves raras en Euskadi 2021 (PDF).
Espezie Arraroen Ezohiko Behaketen Batzordea 2017. urtean sortu zen Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan eta bere helburua da EAEn ikusitako espezie arraroen behaketak jaso, aztertu eta homologatzea. Horretarako, Euskadin ezohiko diren espezie eta subespezieen zerrenda bat osatu da (Euskadiko Hegaztien Zerrenda osoa ere kontsulta dezakezu, espezie bakoitzaren egoera eta kategoriarekin), eta zerrenda horretan zehazten den espezieren bat ikusten bada EAEn, lantalde honek hartuko du behaketa hori aztertu eta homologatzeko ardura.
Aurkeztu berri den txostenak 2021eko 130 behaketa eta 2020tik atzeratuta zeuden beste 11 behaketa aztertu ditu. Horietatik 62 homologatu dira eta beste 42 ez. Gainera, 18 behaketa aztertu gabe geratu dira eta beste 19 behaketa C, D eta E kategorietan sailkatu dira (jatorri zalantzazkoa, exotikoak, ihes egindakoak,…).
Gogoan izan behaketa bat ez homologatzeak ez duela esan nahi espezie horren identifikazioa okerra denik; besterik gabe, nahikoa informaziorik jaso ez dugula (argazkiak, soinuak edo deskribapenak) espeziearen identifikazio erabatekoa ziurtatzeko eta, hortaz, aipamena homologatzeko.
Espainia mailako homologazioak Comité de Rarezas de SEO/BirdLife-k egiten ditu. Gure batzordearen eta SEOren batzordearen lanak ez gainjartzeko, Espainia mailan arraro bezala sailkatutako espezieak ez dira sartzen Euskadiko zerrendan eta ez ditu Euskadiko Batzordeak aztertzen. Hala ere, Euskadiko informazio guztia hobeto laburbiltzeko, azken txostenean SEOk azken 2 urteotan homologatu dituen gure lurraldeko behaketen laburpena ere egin dugu, oso zita interesgarriak dituena (kasu batzuetan Euskadiko mailako lehenengo aipamenak) hala nola Murgilari txikia (Aythya affinis), Zanga iluna (Sula leucogaster), Itsas arrano buztangorria (Haliaaetus albicilla), Bonaparte antxeta (Chroicocephalus philadelphia), Kaio domingoarra (Larus dominicanus), Txenada txiki antillarra (Sternula antillarum) eta Euli-txori papargorria (Ficedula parva).
Funcionamiento del CRE y envío de citas
Batzorde honen helburua da EAEko hegaztien zerrendan espezie arraro bezala katalogatuta dauden espezieen behaketak jaso, aztertu eta homologatzea (ikus Euskadiko Hegaztien Zerrenda osoa). Lan hori egin ahal izateko hainbat iturritatik jasotzen ditugu behaketen aipuak: Ornitho.eus, eBird, Reservoir Birds, Facebook: Birding Euskal Herria, Birding Euskadi Whatsapp taldea eta zuzenean Batzorde honek jasotako aipuak.
Espezie arraroren bat ikusten baduzu, jarri zaitez gurekin harremanetan helbide honetan, rarezas@ornitologia.eus; bestela, atariren batean gehitu dezakezu zuren behaketaren informazioa, ahal bada www.ornitho.eus webgunean. Kasu guztietan, bidaliguzu ahalik eta informazio osatuena, argazkiak soinu-grabazioak eta deskribapenak barne.
Argazkia: Andreas Trepte – CC BY-SA 2.5
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest