
“Euskadiko hegazti negutarren atlasa” osatzeko lanak hasiko dira aurtengo abenduan
Aranzadi Zientzia Elkarteak iragarri du aurtengo neguan atlas proiektu berri bat abiatuko dela. 2023an Euskadiko hegazti habiagileen atlasa argitaratu ondoren, orain hegazti negutarren atlasaren txanda izango da.
Aranzadik atlas berriaren protokolo eta metodologia dokumentua partekatu du (erantsitako PDFa ikusi), eta parte hartu nahi duten horiek lankide gisa izena emateko epea ireki du, habiagileen atlasarekin egin zen bezalaxe.
Datozen asteetan zehar Aranzadik informazio zabalagoa emango du gai honi buruz eta proiektuaren xehetasun guztiak azaroaren 29-30ean Busturian ospatuko den IV. Euskadiko Kongresu Ornitologikoan aurkeztuko ditu.
Landa-lana 2025-2028 artean egingo da
Landa-lana 3-4 negutan egingo da, jarraian, datorren 2025/26 negu denboraldian hasita, eta laginketa unitateak aurreko atlasean erabilitako UTM 5×5 km-ko gelaxka berdinak izango dira. Laginketa sasoi bakoitzean bi bisita egingo dira 5×5 km-ko gelaxka horietako bakoitzera.
Onena litzateke hegazti habiagileen atlaseko parte-hartzaileek UTM lauki berberak errepikatzea, arrazoi metodologikoengatik, nahiz eta ez den derrigorrezkoa. Parte-hartzaileek laginketa kualitatiboak edo kualitatibo + kuantitatiboak egin ahal izango dituzte, azken horretarako ezagutza maila handiagoa behar delarik.
Argitaratze planteamendua aurreko atlasaren antzekoa izango da:
- Monografia inprimatua argitaratuko da, Hegazti habiagileen atlasaren ezaugarri eta eduki antzekoekin, nahiz eta negutarren berezitasunetara egokituta.
- Atlasa doan ere jaitsi ahalko da online, habiagileen kasuan bezala.
Arduradunak eta lankideen parte-hartzea
Proiektua gidatuko duen taldea Maite Lasok, Olatz Aizpuruak, Javier Rodríguezek, Luis M. Carrascalek eta Juan Arizagak osatuko dute. Laginketan parte hartuko duten pertsonak atlasean aipatuko dira eta atlasaren ale bana jasoko dute bere lanaren ordainetan.
Bere bazkideen parte-hartzea sustatu nahi duten erakundeen kasuan, proiektuaren laguntzaile bezala azalduko dira argitalpenean eta euren logoa sartzeko aukera izango dute. Kasu horietan, erakundeko arduradunak erakundera atxikitako parte-hartzaileen zerrenda zehaztu beharko du. Datu bidalketa, edozein kasutan, parte-hartzaile bakoitzak zuzenean egingo du Aranzadiko harremaneko posta helbidera.
Atlasean parte hartzeko epea jadanik ireki da eta interesatuek zuzenean eman dezakete izena Aranzadin edo euren erakunde zein elkartearen bidez.
Laginketak 2028/29 neguan amaituko dira eta atlasa 2030 inguruan argitaratuko dela aurreikusten da.
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest