III. Euskal Kongresu Ornitologikoa azaroaren 26-27 asteburuan izango da, Donostian
III. Euskal Kongresu Ornitologikoa Donostian (Gipuzkoa) izango da 2022ko azaroaren 26-27 bitartean, Euskal Batzorde Ornitologikoak antolatuta, Aranzadi Zientziak Elkartearen egoitzan eta bere laguntzarekin.
Orain arte antolatu ditugun Kongresu Ornitologikoak urte hasieran izan dira, baina egungo osasun egoera ikusita, urte amaierara atzeratzea pentsatu dugu. Bestalde, aurtengo honek 2 egunetako iraupena izango du, larunbat eta igande, orain arte ostiral arratsaldetan egin izan diren hitzaldi eta ekitaldiak igande goizera eramango ditugularik.
Programa oraindik osatu gabe daukagu, baina gai nagusietako bat 2023an kaleratuko den “Hegazti Habiagileen Atlasa” eta bertan jaso diren emaitzen aurrerapena izango da. Atlas berri horren aurkezpen bezala funtzionatuko du Kongresuak, euskal txorizaleontzat ezinbesteko kontsulta-tresna izango dena datozen urteotan.
Komunikazioak aurkezteko epea ireki dugu
Laster irekiko dugu kongresuan izena emateko epea. Bitartean, Kongresuan komunikazioaren bat aurkeztu nahi baduzu, ahoz zein idatziz, formulario hau bete ezazu, mesedez. Komunikazioak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu daitezke.
Komunikazioak aurkezteko epea uztailean bukatuko da.
Kongresu Ornitologikoak, hiru urtero antolatuta Batzorde Ornitologikoaren eskutik
Euskal Kongresu Ornitologikoak hiru urtero antolatzen dira 2016. urteaz geroztik eta bi helburu nagusi dituzte:
- euskal ornitologoen arteko topagune izatea,
- eta ornitologiaren alorrean egiten ari diren ikerketa eta jarraipen-programa nagusien berri ematea.
Euskal Herriko txorizale guztiak gonbidatu nahi ditugu azaroan Donostian izango den kongresu honetara. Apuntatu itzazue datak zuen agendetan: azaroaren 26-27 asteburuan, Donostian!
Share on Facebook Share on Twitter Share on Pinterest