Hegaztiei jarritako koloretako eraztun edo marka bereziak bilduko dituen ataria sortu du Aranzadi Zientzia Elkarteak

2018-01-09 By

Aranzadi Zientzia Elkartearen Ornitologia sailak hegaztiei ezarritako eraztun eta marka berezien informazio-bilgunea izan nahi duen ataria abiatu du: Colouring.eus.

Hegaztiei koloretako eraztun edo marka bereziak teleskopioarekin distantzia batera irakurrita jasotako datuak biltzea nahi du ekimenak. Izan ere, koloretako eraztunei esker urrutitik egin daiteke identifikazioa, hegaztia berriro harrapatu beharrik gabe.

Webgunea eraztunekin markaketa proietuak kudeatzen dituzten eraztuntzaileei dago zuzenduta. Halaber, Aranzadiko Eraztunketa Bulegoko kideei. Honela, printzipioz, Aranzadi Zientzia Elkarteko proiektuen baitan dauden hegaztien informazioa eta Aranzadiko eraztunak erabiliz Espainiako bestelako eraztunketa bulegoekin loturarik ez duten eraztunleek markaturiko aleen informazioa jasoko da.

Informazio guztia colouring.eus atarian aurkituko duzu.